viernes, 25 de abril de 2008

Bingen Zupiriarekin Elkarrizketa

BINGEN ZUPIRIA, ETBko ZUZENDARIA:

“ASPALDIKO BILTEGIA ORAIN SORTU BEHAR DITUGUN PRODUKTUETARAKO LANGAIA DA”

ETBko zuzendari Bingen Zupiriak EHUk antolaturiko “Komunikabideetako Dokumentazioari buruzko I. Jardunaldietan” parte hartu du. Bertan, EiTBk sorreratik gorde duen informazioaren aterabideaz mintzatu da Zupiria. Izan ere, Dokumentazio Zerbitzua ekoizpenak gordetzetik oraingo gaiak lantzeko langaia izatera pasatu dela azpimarratu du.

1.- EiTB taldeko hedabide bakoitzaren sorrerarekin bat, horren Dokumentazio Zentroa abian jarri zenuten. Zergatik dira horren garrantzitsuak?

Irrati bakoitzak bere fonoteka sortu zuen, telebistak hiru artxibo eratu zituen (irudiak biltzeko, hemeroteka eta fonoteka propioa). Dokumentazioa biltzea berez da garrantzitsua, sortzen ditugun gaiak (ahotsak, soinuak, irudiak…) gordetzeko aukera ematen duelako. Denborarekin balioa hartzen duen lantresna bihurtzen da. Horregatik, zerbitzu izatetik edukiaren berezko garrantzia hartzera pasatzen da. Aspaldiko biltegia orain sortu behar ditugun produktuetarako langaia da.

2.- Zer gordetzen da? Programazio osoa ala aukeratutako zatiak?

Entretenimendu saioak barne produkziokoak dira gehien bat eta, horregatik, sortutako material gehiena gordetzen da. Ikus-entzunezko lan sortu berriak diren neurrian, osorik gordetzeko ahalegina egiten dugu.

Informazioari dagokiola, aldiz, albistegiak eurak aukeraketa prozesu baten ondorio dira. Egunean jazotako gertakizunik garrantzitsuenak biltzen ditu. Albistegi osoa gordetzen dugu, guk sortutakoa delako, baina informazio zerbitzu hori garatzeko beharrezko izan genuen gainerako informazioa eta erabili ez genituen baliabideak ez ditugu gordetzen.

Irratiek, azkenik, zenbait lagunen ahotsa zabaltzen dute. Kasu horretan, ahots bakoitzaren identifikazioak lan handia dakarren arren, horien balioa kontuan izanda, albait ahots gehien gordetzen saiatzen gara. Denbora joan ahala, irratiaren bizitzan parte hartutako ahots horiek bitxi ederra bihurtzen dira.

3.- Zertan laguntzen du Dokumentazio Zerbitzuak egunoroko lanean?

Dokumentazio Zerbitzua hiru artxiboz osatuta dago: irudiak biltzen dituena, fonoteka eta hemeroteka. Lan-tresna hori gaurko gaiak lantzeko baliabide lagungarria da, zalantza barik. Hortaz, edukiak sortzeko langaia ere bada. Gaurkotasunak ekarritako gaiak sortu eta atontzeko irudiak hor aurki ditzakegu. Dokumentuek ere garrantzia handia dute, egoki ordenatuta eta eskura egoteak gaiak hobeto lantzeko tresna lagungarriak dira.

4.- Sorrerako artxiboek irration urteurrenak ospatzeko ekitaldietan erabili dituzue?

Euskadi Irratiak iaz 25 urte egin zituen eta aurten Radio Euskadiren urteurrena ospatzen gabiltza. Lehenago aipatu dudan bezala, irratiaren bizitzan parte hartu duten zenbait lagunen ahotsak gordeta ditugu. Horregatik, bi urteurrenak ospatzeko, 25 urteotan irratiak zabaldutako ahots horiek eduki bihurtu ditugu. Izan ere, altxor handia osatzen dute.

Ildo horretatik, Dokumentazio Zerbitzuko langileek urteotan egindako lana goraipatu nahiko nuke, aldaketa profesionalen zein teknologikoen etengabeko egokitzapenari egoki erantzuten jakin dutelako. Gaur egun, Internetek eskaintzen dituen baliabideen artean, informazio-iturriak eta dokumentazio lanak bertan kontsulta daitezke. EiTBko Dokumentazio Zerbitzuak gure kazetariek gure baliabide propioen erabilera lehenestea lortu du, Interneten informazio baliabideen onurak gainditu izanak Dokumentazio Zerbitzuetako langileen prestakuntza agerian utzi du.

5.- Kazetariek eguneroko historiaren berri ematen dute. Zuek azken 25 urteko gertakizunak audio eta bideo formatuan dituzue. Zer aterabide izan dezake?

Dokumentazio Zerbitzuaren lehenengo egitekoa kazetarion eguneroko jardunean laguntzea da, dela albistegietan dela gainerako saioetan. Bigarrenik, 25 urteotan bildutako informazioak ondarea osatu du, jakina. Gainera, teknologiek informazio guzti horren eskuragarritasuna ahalbideratu dute. Guk sortutako irudiak, zati batez, Euskadiko Filmategiaren esku utzi dugu.

6.- Esaterako, lehengo gertakizunik entzuteenak berreskuratu ditu ETB2ko La Caja Negra saioak. Zer emaitza izan du ikusleongan?

Atzera begirako saioa da La Caja Negra: lehengo gertakizunak oraingo ikuspegiarekin berrikusten ditu. Orain arte sei saio emititu ditugu eta denetiko edukia landu dugu: Oizko hegazkin-istripua, 80ko uholdeak, Orozkoko hilketa, Athleticeko garai onak… Ikusleongan oso harrera ona izan du orain arte.

7.- Telebistaren kasuan, ikusleok lehengo irudiak berrikustea gustuko ditugu. Herritarrok EiTB taldeko hedabideren bateko artxiborik eskuratzerik badaukagu? Zelan?

EiTBren Dokumentazio Zerbitzua herritarron zerbitzura ere badago. Hortaz, nahi duenak bere eskaria egin diezaioke EiTBri. Horretarako, telefonoz deitzea nahikoa du. Irudi edo saio jakin batzuk bilatzeak, baina, EiTBri kostu jakin bat eragiten dio, sarritan lan nekosoa da-eta. Horregatik, Dokumentazio Zerbitzuak eskariari erantzuteko sortu duen kostua eskaria egin duen herritarrak ordaindu beharko du.

8.- EiTB osoak eraikin berria du Bilbon. Dokumentazio Zentro bakarra ere bertan egoteko proiekturik badaukazue?

Jatorrian, irrati bakoitzak bere fonoteka propioa zuen eta telebistak, esan bezala, irudien artxiboa, fonoteka propioa eta heremoteka zituen. Azken urteotako digitalizazio prozesuak eta Bilboko egoitzara aldatzeak EiTB osorako dokumentazio sare bakarra martxan jartzea ahalbideratu du. Irizpide berak oinarri eduki izana guztiz lagungarria izan da, eduki asko digitalizatuta izateak ere bai. Aurrera begirako erronkak bi dira, nagusi: Dokumentazio Zerbitzu osoa taldeko hedabide guztien esku jartzea eta telebistako irudiak EiTBko albiste zerbitzuen Dokumentazio Zentroko parte izatea, ez ETBkoa bakarrik.