martes, 6 de mayo de 2008

Euskal Herriko Hedabideetako Dokumentazio Zerbitzuetako Gida aurkeztu dute

Komunikabideetako Dokumentazioari buruzko I. Jardunaldien azken saioan, antolatzaileek urtebeteko ikerketa-lanari esker, Euskal Herriko Hedabideetako Dokumentazio Zerbitzuetako on-line Gida aurkeztu dute. Teresa Agirreazaldegi, Milagros Ronco eta Idoia Camacho EHUko irakasleek gida osatzen jarraituko dutela aurreratu dute.

Zer helburu dute Jardunaldiok?
Dokumentazio Zerbitzuak hedabideontzako ezinbesteko tresna dira. Eurei esker, eguneko informazioa atondu eta hobeto lan dezakete kazetariek. Horrez gain, Dokumentazioak komunikazioak egunero sortzen dituen funtsak eta ondareak ere biltzen ditu. Hortaz, errealitate hori ikasleei eta gainerako enpresetako langileei ere aurkeztu gura izan diegu. Izan ere, azkenaldian zenbait aldaketa jasan dituzte eta informazioa gordetzeko moduak arin aldatu dira. Bigarrenik, sektorearen bilgunea osatu nahi izan dugu, elkarren berri izateko eta esperientziak partekatzeko. Azkenik, Jardunaldiek berez Dokumentazioaren garrantzia goraipatzen dute.

Jardunaldiek jarraipenik izango dute?
Bai. Hasteko, datorren urtean Dokumentazioari, modu orokorrean, erreparatuko diogu. Geroago, hemendik bi urtera, Komunikabideetako Dokumentazioari berriro helduko diogu, baina beharbada beste gai bat izango du ardatz. Azken batean, hainbat dira gaiari heltzeko ikuspegiak.

Zelakoak dira Euskal Herriko hedabideetako Dokumentazio Zerbitzuak?
Euskal Herriko komunikabideetako Dokumentazio Zerbitzuak, oro har, gutxi dira eta, gainera, tamaina handiko enpresetan daude, batik bat. Horiek barne ekoizpenerako erabiltzen dituzte, enpresarako zerbitzuak dira, eta kanpoko erabiltzaileei zerbitzu hori eskaintzea sarritan ez-ohiko jarduera suertatzen da. Gehienetan, zerbitzu txikiak dira, gutxieneko eskakizunak betetzeko ere zail izaten dutela esan dezakegu, batzuetan lagun bakarrak osatutako Saila izaten da-eta. Horrelakorik ez da gertatzen enpresa handietan, jakina; esaterako, Diario de Navarra, Diario Vasco eta ETBn.
Genero ikuspegitik, langileen bi herenak andrazkoak dira eta hezkuntza-maila altua dute: %74,13 lizentziatuak dira eta, denera, %77,58k Unibertsitate ikasketak eginda dituzte.

Ikuspegi orokor batetik aztertuta, Euskal Herriko hedabideetako Dokumentazio Zerbitzuen indargune eta ahuleziak aipa ditzakezue?
Dokumentazio Zerbitzuek informazio kopuru ikaragarri handiak kudeatzen dituzte. Diario Vascok, adibidez, 900.000 albiste, 400.000 pdf (1999-2007) eta 400.000 argazki biltzen ditu. EiTB taldeko irratiek, aldiz, 75.000 Lp eta single dituzte guztira, 60.000 CD, beste 65.000 kantu musika zerbitzari digitalizatuan eta, azkenik, 20.000 saio eta ahots-dokumentu. Euskal Telebistako irudien artxiboak 225.000 bideozinta kontserbatzen dira zenbait formatutan.
Digitalizazioak dokumentazioa indartu du. Informazioa gero eta errazago kudeatzen da eta, horregatik, erabili ere. Azken batean, autokontsultaren bidea zabaldu du. Zoritxarrez, arriskuak ere badakartza, adibidez, dokumentalistaren lan handia ikusezinago bihur daiteke.

Dokumentazioa kazetaritza ikasleentzako aterabide profesionala izan daiteke?
Bai, zalantzarik ez. Ikasleentzat komunikabideetako Dokumentazio Zentroetan lan egiteko aukera izan daiteke. Informazioa eta komunikazioan adituak dira, dokumentazioaren helburuak eta tresnak desberdinak badira ere.

Euskal Herriko hedabideetako Dokumentazio Zentroetako Gida aurkeztu duzue. Zelan kontsulta daiteke?
Ikerketa-lan baten ondorioz, Euskal Herriko hedabideetako Dokumentazio Zentroak denon esku jartzeko bidea garatzea erabaki genuen Hortaz, Internetek eskaintzen dituen baliabideek zabalkundea eta erraztasuna gehitu dizkiote. Aldi berean, sareak direktorioaren eguneratzea ahalbideratzen du eta hori gida batentzat ezinbesteko baldintza da. Euskaraz eta erdaraz garatu dugu, EHUko “Dokumentazioa Komunikabideetan” ikasgaiko ikasleek lagunduta: http://www.kzdokumentazioa.wordpress.com/ eta http://www.serviciosdedocumentacion.wordpress.com/ helbideetan eskegita daude, hurrenez hurren. Bertan, Dokumentazio Zerbitzu bakoitzaren helbidea, telefonoa, webgunea, arduradunen izenak, funtsak… eguneratuta daude. Gainera, formatu digitalean eratu dugu: testu, argazki, soinu eta bideo artxiboak topa daitezke.